“Bakoitzak nahi duena idazteko askatasuna izan du, inolako zentsurarik gabe. Nork bere egia”
Sheshenarena Kultur Elkarteak bere kultur aldizkariaren lehen alea kaleratuz ospatu du elkartearen lehen urteurrena. 1813an hiriak jasan zuen erreketa eta ondorengo berreraikuntzari lotutako testu historiko, kontakizun, olerki eta argazkien bidez omendu dute Donostia. Joseba Yagüe elkarteko kideak prozesua nolakoa izan den kontatu digu.
Nola sortu zen aldizkari bat publikatzeko ideia, eta nolatan erabaki zenuten lehen alea hiriaren erreketaren bigarren mendeurrena oroitzeko baliatzea?
Aldizkaria publikatzeko ideia eta bigarren mendeurrenari eskaintzekoa ia aldi berekoak izan ziren. Aldizkarian parte hartu duten bazkide zein laguntzaile askok blog edo aldizkarietan idazten dute, argazkilaritza atsegin… Nire familiak lehen mendeurreneko domina bat dauka (aldizkarian agertzen da) eta orduan present egon ginela gogoan, oraingoan ere zerbait berezia egin nahi genuen. Ideia ona iruditu zitzaigun lehen alea hiriaren erreketa eta ondorengo berreraikuntzaren oroitzan kokatzea, Donostiari omenaldi txiki bat egite aldera.
Oroitza horri lotutako ekitaldi askoren lekuko izaten ari gara aurten. Bada halako kontakizun bateratu bat, bai, baina desadostasun handiak daude hiriaren historia (ber)idazteko garaian. Zenbait kontakizun topa daitezke aldizkarian. Kontakizun bateratu horri erantzuten diotela esango zenuke ala ikuspuntu kontrajarriak edo elkarren artean osagarriak dira?
Bakoitzak nahi duena idazteko askatasuna izan du, inolako zentsurarik gabe. Nork bere egia.
Aldizkaria doan eskuratu daiteke zuen webgunetik jaitsiz baina, gainera, 500 ale imprimatu dituzue, kalitate onean. Hauek ere doan banatuko dituzue, hiriko zenbait dendatan. Apustu handia egin duzue. Geratzen gara paperaren fetixista baten batzuk, ala?
Hainbeste teknologiarekin galdu egiten ari gara erromantizismo hori. Horregatik eman nahi izan diogu itxura berezia aldizkariari. 500 ale gutxi dira, baina zenbakituta, bakoitza bakarra eta apartekoa da.
Datozen aleek ez dute gai bakarra izango, baina zein norabidetan joko dute? Zein irakurleri uste duzue interesa dakiokela aldizkaria?
Oraintxe ezin diot horri erantzun. Hasiera batean, horixe pentsatu genuen: zetozen aleek ez zutela gai bakarra izango. Baina orain egun batzuk justu aurkako pentsatzen aritu gara… ez dakigu, oraindik. Datorren elkarrizketan kontatuko dizut, kar kar kar.
Aldizkaria kaleratzearekin batera bete du urtebete elkarteak. Zein balorazio egiten duzue lehen urte honez?
Ikusgarria izan da. Eskerrak eman behar dizkiet bazkideei, laguntzaileei, ekintzetan parte hartu dutenei, eta nola edo hala, proiektuak aurrera egin dezan beren aletxoa jarri duten guztiei.
Eta zein erronka dituzue datozen hamabi hilabeteetarako?
Ideia asko dugu buruan eta ez dakigu denak gauzatzerik izango dugun, baina denon laguntzaz, oso baikor gabiltza… Beste aldikari bat etorriko da, ziur.
No hay comentarios:
Publicar un comentario